Zazpi mendeko gauean gaude gure lore eta sasi
Irrintzi, oihu, ele eta ulu, marmario eta garrasi
Haize enbata, brisa, galerna,gaur garbi bihar nahasi
Xake taularen zuri beltzetan,
Arrats gozo, egun gazi.
Ai itsasorik ez bageneuka zeri so negarrez hasi.
Gure zuhaitza landatu dugu amildegi muturrean
Adarrak dauzka ertzetik haruntz,
sustraiak berriz lurrean
Bihotz hesteak estu helduaz esku baten ahurrean
Bertso berriak jartzera noa bere indar laburrean
Nola malko bat isuritzen den itsasoaren aurrean.
Nola haizea ur azalean eguzkiaren irteeran
Nola kaioak zorabioan itsas enbata bezperan
Pentsatzen nago gu ere berdin ibiltzen ez ote geran
Susmoa daukat patua bera itsasoan ez ote dan
Libre ‘ta zabal dugu aurrean baina ezin dugu edan.
Heldu herria sustraietatik tira eta gora jaso
Jarri kantauri aurrean eta mantendu zutik hari so
Ispilu hortan ikus gaitezen herriz herri, auzoz auzo
Zauriak gatzez erre ditzagun malkoak urez eraso
Libre ta zabal irla txiki bat salbatuko da akaso.
Azken arnasa eman nahi nuke eguna hiltzen ari da
Azken arnasa eman nahi nuke
bertsoak entzuten dira
Azken arnasa eman nahi nuke kantari nator herrira
Azken arnasa ematen degu eguzkitik eguzkira
Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira.